Santiago Villares alkateak Urdazubiko besten balorazioa egin du, ttipi-ttaparendako. Alkatea pozik agertu da aurtengo besten antolaketarekin, bere iritziz «lasaitasuna, alaitasuna eta normaltasuna» izan dira ezaugarri nagusienak, «ekitaldi ezberdinetan jende aunitzek parte hartu duelarik».
Gogoratu behar da Herriko Etxeak besten antolaketa gazteen eskuetan uzten duela urtero. Aurtengo aurrekontua 6.000 eurokoa izan da, eta gazteek hainbat gauza antolatu dituzte. Udalaren ardurapean antolatzen diren ekitaldiak ortzeguneko aperitifa eta bere gonbidatuei eskaintzen dien bazkari instituzionala dira.
Villaresen ustez gastronomia arloko ekitaldietan jende kopurua handia izan da eta herriko plaza jendez gainezka ikusi ahal izan dugu, nahiz eta eguraldiak ez duen gehiegi lagundu, «batez ere larunbateko Kontrabandisten lasterketan eta zikiroan». Umeentzako ekitaldietan ere jende aunitzek parte hartu duela dio Alkateak.
Udalak antolatzen duen bazkari instituzionalean 35 gonbidatu egon ziren. Besteak beste, Xaretako eta inguruetako udaletako ordezkariak, Nafarroako Gobernuko hainbat kide eta parlamentari, tartean Nafarroako lehendakaria den Yolanda Barcina.
ALKOHOLEMIA KONTROLEI BURUZKO IRITZI TXARRA
Alkatearen ustez, «eskertzekoak diren lasaitasuna, alaitasuna eta normaltasuna» gailendu diren arren, besta hauetan ere egon dira gauza negatiboak. Bere ustez «soberan egon dira Polizia Foralak paratu dituen alkoholemia kontrol batzuk, ala guztiak, izan ere, tematiegi agertu baitira Urdazubiko herritarren etxeetara ailegatzeko bidegurutze eta bide ezberdinetan».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!