Asier Apezetxea aranztarrak irabazi zuen maiatzaren 31n Urdazubiko Kontrabandisten lasterketa. 84 korrikalarik parte hartu zuten lohiez betetako 15,8 kilometroko ibilbidean. Apezetxea esprintean nagusitu zitzaion Ultzamako Mikel Beunzari (biek ordubete, 13 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten) eta Fernando Etxegarai beratarra hirugarren izan zen (1:13:58).
Emakumezkoetan, Sara Peña izan zen irabazle eta Ana León eta Nekane Casik osatu zuten podiuma.
Gizonezkoen proba hasieran Etxegarai ibili zen aitzinetik. Beratarra Camille Extreme proban ateratzekoa zen, baina lesiotik erabat osatu gabea dagoenez, Urdazubira joan zen. Tarteko helmugan lehenbizikoa izan zen Etxegarai eta hortaz, Irigoienea ostatuan asteburua pasatzeko saria izanen du. Baina bigarren erdian, Apezetxeak eta Beunzak harrapatu eta, bukaera aldera, metro batzuk gibelera gelditu zen Etxegarai. Hortaz, Apezetxeak eta Beunzak esprintean jokatu zuten garaipena eta Arantzakoa bizkorragoa izan zen.