Aitzineko alean ttipi-ttapan argitara emandako artikuluari erantzunez, zenbait azalpen eman nahi izan ditu Urdazubiko Udalak.
Honela, apirilaren 9ko batzarrean ez zen inoiz ere Udalak errekurtso bakarrik ere jartzeaz aritu. «Udalak onartutako zenbait erabakien kontra jasotako lau errekurtsoei erantzun-idatziak onartu ziren. Lau errekurtso horietatik hiru Labayen Mascotena anai-arrebak jarriak zituzten eta bertzea Coro Ameztoy-k, halako aferetan ohikoak direnak» dio Santiago Villares alkateak eta Javier Irigoien idazkariak sinatutako idatziak.
Hurrengo puntuari dagokionez, Urtxume taldeak jarritako errekurtsoa da. Hain zuzen, bizilagun guziei argindarra banatzeko sortu eta Urdazubiko udalaren jabetzakoa den Elektra Urdazubi S.L. konpainiaren erregularizazio eta legalizazioarako beharrezkoak diren lanen adjudikazioa onartu zuen Udalak eta horren kontrako errekurtsoa jarri zuen Urtxumek. Nafarroako Administrazio Epaitegiak akordio hori anulatu du, «tramitazioan egindako akatsengatik eta ez inork lana gaizki egin duelakoz». Enkargatutako lanaren zati bat egina dagoenez, orain dagokion likidazioa egin ondotik, lanak egin dituen enpresak itzuli egin beharko du fakturatutakoaren zati bat edo kalteordaina eskatu, bietako bat. Edozein modutan, ez omen dira 145.000 euro izanen (hori lan osoaren gastua da), ez baita lana osorik bukatu eta fakturatu.