Ez dakigu eguraldi ederragatik ote den, edo pelikularen eraginez izanen den baina aurtengo Aste Sainduan bisitarien “record” guztiak gainditu dira. Ortzegun Saindu egunean, aitzineko urteko egun bereko bisitarien bikoitza izan da: gan den urtean 669 lagun eta aurten 1587. Baina egun jendetsuena ortziral saindukoa izan zen, 2.672 lagun sartu baitziren lezean. Aste sainduko egun guztien artean, bisitarien kopurua aunitz igan da: 4.316 gan den urtean eta 7.916 aurten.
TRAFIKO ARAZOAK
Kotxeak sortzen ari diren arazoa gero eta haundiago da gure herrian. Bi arazo daude: bata zirkulazionea da, herria gurutzatzen duten kotxe kopurua gero eta haundiago baita (ez da bakarrik herrirat etortzen direnak, baizik eta bertze tokietara gateko Zugarramurditik ibiltzen direnak).
Bertze arazoa aparkalekua da, parkina ttiki gelditu da eta kotxeak modu basatian aparkatzen dira herriko edozein tokitan.
Arazo hau larritu zen Aste Sainduan, herria autoz gaindizka izateaz gain, bentetako bidean Sartzareraino ailegatzen zirelako eta karreteran Axkoaraino. Gainera, Beheitiko karrikara ere sartu ziren, eta Palazioko bordaraino ailegatu ziren. Peningarria da egoera.