Heldu den udarako, Zugarramurdirat etortzen direnak, berrikuntza bat izanen dute esperoan: “Las brujas de Zugarramurdi” filmari buruzko bisita gidatu bat.
Sei geldiune izanen ditu: Sorginen Museoko entzunaretoan hasiko da, gero Barrantxea, hortik Azketako zugarren-xokoa, gero plaza, hortik “lasterketako” belaia, eta azkenean lezean finituko da.
Hortaz gain, bisita gidatuak grabazio berezi bat ere eskainiko du: filmarekin erlazionatutako 13 lagunen ekarpenak, esperientziak, oroitzapenak, iritziak… Afera da nola bizi zen Zugarramurdin gisa hortako grabaketa erraldoia. Hamabortz egun izan ziren, eta herria hankaz goiti egon zen, dena filmaren inguruan mugitzen baitzen.
Grabaketa hau Xaloa Telebistaren laguntzarekin egin da, eta Iñaki Atxa kameraman izan zen. Lehendik ere Xaloak egin izan du lan museoarendako, arras lan polita eskainiz, eta segur gara huntan ere gauza polita eginen dutela.