Urdazubin sortu eta Ameriketan merkataritza eta bestelako enpresetan aritu eta aberastu zirenen adibide dira Garatetarrak. Haietako bat, Juan Bautista Garate Zelaieta izan zen. Urdazubin sorturiko merkatari aberatsa, Limako sendi ospetsu bateko alaba, Toribia Maria Milicua-rekin ezkondua. Juan Bautista Urdazubitarra 1772ko urtarrilaren 21ean ikusten dugu Sevillako Kontratazio Etxean Ameriketara bidaiatzeko lizentzia eskuratzen. Agiri horretan, Juan Bautista Garate Liman bertako konpainia bateko `dragoien’ teniente dela esaten zaigu. Garai haietan, Peruko Erregeordetza babesteko eliteko indar militarra osatzen zuten dragoiek. Juan Bautistarekin batera Urdazubiko Juan Pedro Zelaieta zihoan. Zelaieta Urdazubiko Juan Martin Zelaieta eta Maria Indaren semea zen eta Garateren morroi.
1784 eta 1817 urte bitartean, Juan Bautista Peruko 8 merkatari nagusien artean agertzen da. Espainiako Inperioaren mailegu-emaile ziren merkatariok. Garai haietan Amerikako kolonien eta Europako metropoliaren arteko harreman komertzialak zenbait portuetara mugatzen ziren, eta Peruko Callao portua eta Cadizekoaren arteko harreman komertzialak kontrolatzen zituzten merkatarien artean zegoen Garate. Merkatariok Ozeano Pazifikoko merkaraitza ere kontrolatzen zuten Txile eta Guayaquileko portuetatik. Normalean Callao, Cadiz, Buenos Aires, Trujillo, eta Quitoko portuetan senide eta lagunak izaten zituzten bazkide eta agente gisa. Horrela, adibidez, 1785eko apirilaren 16an Miguel Garate urdazubitarrak El Pilar ontzian Limarako bidaia egiteko lizentzia eskuratu zuen. Miguel Garate eta Maria Josefa Estebekonearen semea zen, eta ofizioz kargadorea. Hau da, ontziratu behar ziren merkantzien arduraduna izateko bidaiatzen zuen Ameriketara.
Juan Bautista Garateren garrantzia ulertzeko, aipatu behar dugu Limako Kontsuletxeko Auzitegiko Kontsula izan zela 1793an eta erakunde bereko Priore 1807an. Peruko elite komertziala osatzen zuten 25 familiek kontinente arteko merkataritzaren %45-a kontrolatzen zuten.
Juan Bautistaren seme Pascual Antoniok Limako San Markoseko Unibertsitatean ikasi zuen, Zuzenbidean doktoratu zelarik. 1805an, abokatu lanetan zebilen eta 1813an Unibertsitateko Klaustroko kide zela dakigu. Peruko Independentzia-deklarazioa sinatu zuen 1821ean. Limako alkatea izan zen 1826-1828, 1833-1835 eta 1839-1840 urte bitartean. Limako Subprefekta (1829), Errepublikako Kongresuan diputatua (1828-1832), San Markos Unibertsitateko errektorea (1836-1839). Liman zendu zen 1840an.