1998. urteko apirilean egin zuen Atxuria mendi taldeak lehen ateraldia. Zugarramurditik Elizondorainoko bortz oreneko ibilaldia izan zen. Lehen ateraldiek ez zuten maiztasun berezirik, baina arrakasta ikusita, segidan hilabeteroko ibilaldiak antolatu ziren (uztaila eta abuztuan izan ezik).
Zugarramurditik hasi eta inguruko toki guztietara ailegatu dira: Elizondo, Lekarotz, Erratzu, Bera, Lesaka, Etxalar, Azkain, Ezpeleta, Senpereko lakua eta Lezetako-Borda (tartean diren mendiak iganez).
Bertze tokietatik abiatuz: Baigorri, Ziga, Orio, Donosti, Harri-kulunka, Aizkolegi, Saioa, Auza, Mendaur, Ezkaba, Artzamendi, Arranomendi, Orhi, Hiru Erregeen mahaia… Santiago bidea ere egina dute, Baionatik Gares-era; eta baita ere Behobiatik Sunbilarainoko trenbidea. 15 urtez 3.000 kilometro kurrituak dituztela eta, gan den urtean hasi ziren ospakizunekin, kamiseta berezi batzuk eginez. Baina besta nagusia otsailaren 23an egin zuten: egun hortarako antolatu zen ibilaldira 48 lagun animatu baitziren. Bazkarira 60 bat lagun hurbildu ziren.
Horretaz gain, aste osoan argazki erakusketa egon da museoko erakustokian. Hamabortz urte hauetan ateratako 500 bat argazki egon dira ikusgai.