Duela urte bete pasatxu grabatu zuen Alex De La Iglesiak ‘Zugarramurdiko Sorginak’ pelikula, baina azken egun hauetan berriro ere aipagai dugu.
Gan den otsailaren 9an ospatu zen Madrilen Goya sarien banaketa, eta hartara konbidatuak izan ziren Laxaro Dainziart alkatea eta Ainhoa Agirre museoko gerentea. Nahiz eta toki eta giro arrotza izan, ez ziren batere lekuz kanpo sentitu: Zugarramurdiko errodaia egunetan, harreman estua egin zuten teknikari batzuekin, eta haiek ere sari banaketan zeudenez, elkarrekin arras gustura egon omen ziren. Gainera, teknikari horietako batzuk sarituak izan ziren.
Oraindik pelikula ikusi gabe duzuenentzat, jakin argumentuak ez duela deus ikustekorik Zugarramurdin gertatutakoarekin. Batez ere pelikula makabro-komika bat da, Alex De La Iglesiak egiten dituen pelikula «berezi» horietako bat. Horrek dakarrenarekin, batzuei izigarri gustatzen zaie eta bertze batzuei berriz batere ez (normalean tarteko iritzirik ez da izaten).
Diotenez, pelikula hunen ondorioz, jende gehiago etorriko da herrira. Hala bada, duela 400 urte gure egiazko sorginekin gertatu zen injustizia jakinarazteko baliatuko dugu, museoan arras ongi ikusten baita orduan gertatua.