Urdazubiko Burdinaren Eguna giro ederrean ospatu zen agorrilaren 10ean

TTIPI-TTAPA 2013ko abuztuaren 13a

Jendetza hurbildu zen Urdazubira, Burdinaren Egunean parte hartzera. Juan Mari Ondikol

Monastegiko monjeek Bizkaiatik etorritako burdin minerala urrearen truke erosi zuten

Urdazubiko Burdinaren Eguna giro ederrean ospatu zen agorrilaren 10ean. Seigarren edizio honek gaiarekin lotutako jarduera egitarau zabala izan zuen. Bertzeak bertze, burdin minerala idi-gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztu zen.

Urdazubiko Burdinaren Eguna giro ederrean ospatu zen agorrilaren 10ean. Seigarren edizio honek gaiarekin lotutako jarduera egitarau zabala izan zuen. Bertzeak bertze, burdin minerala idi-gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztu zen.

Izan ere, garai batean, XIX. mende hasiera arte edo, Bizkaiko meatzeetatik Monasteriora eramaten zuten, eta abadeari ematen zitzaion, urrezko moneta batzuen truke. Goizetik artisautza azoka izan zen herriko plazan, 35 bat eskulangilerekin eta ttikienek ere izan zuten puzgarrietan ibiltzeko aukera. Brun anaien forja-lanak ere ikusgai izan ziren.

Bizkaitik Donibane Lohizunera itsasontziz, Ziburutik Urdazubira Urdazubi errekan goiti eta Axular baserritik Urdazubira idiek tiratutako gurdi batean zetorren burdin mineralaren segizioa plazara ailegatu eta han itxi zuten tratua Plentziako olagizonek eta Salbatore monastegiko abadeak, duela mende batzuk egiten zuten moduan. Handik buruzareetan eraman zuten burdina monjeek.

Zelaieneko Javier Larraldek egin zuen monastegiko abadearen antzezpena eta Gure Kaiolako Francisco Menta, Urtxumealdeko Francisco Perez eta Juan Luis Sarratea, Salaberriko Juan Ramon Othegy eta Frantxistegiko David Agirre izan ziren mojeak. Olagizonak, berriz, Zugarramurdiko Sansineko Javier Zubillaga eta Urdazubiko Martin Villares.

Plazako antzezpenaren ondotik, Iruñeko Orfeoiko ahots lodien abesbatzak emanaldia eta Michel Duvertek solasaldia eskaini zuen elizan. Ondotik, zikiro jatea eskaini zen 400 bat lagunendako frontoian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun