Pilotaren Unibertsoa jaialdiak eginen dira aurten ere Urdazubin, bi egunez, pilota modalitate ezberdinak ezagutzera emateko helburuarekin. Lehenbizikoa abuztuaren 3an, larunbat honetan eginen da eta bigarrena abuztuaren 24an.
Abuztuaren 3an, larunbatarekin, 19:00etan pilota erakustaldia eginen da eta partiden ondotik, patata tortilla lehiaketa. Lehiaketan parte hartu duten tortillak dastatzeko aukera izanen da gero, baita txistorra eta hirugiharra, sagardoaz lagundua.
Abuztuaren 24an, oraindik egitarau zabalagoa prestatua dute. 17:00etan euskal dantza saioa eskainiko dute Xaretako neska-mutikoek. 17:30ean herri kirol erakustaldia izanen da Larretxea anaien eskutik. 19:00etan izanen da pilota erakustaldia eta ondotik, 20:30etik aitzinera xardina-jatea, txorizo pintxoa eta sagardoa txotxetik dastatzeko aukera izanen da.
Burdinaren Eguna abuztuaren 10ean
Bertze aldetik, Burdinaren Egunaren seigarren edizioa eginen da agorrilaren 10ean Urdazubin.
Burdinaren Eguneko egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, artisautza azoka irekiko baita. Brun anaien eskutik, burdin langileen erakustaldia eginen da eta haurrendako puzgarriak eta ureko jokoak ere paratuko dituzte. 12:00etan burdin mineralez zamatuta datozen idiak helduko dira monastegi ingurura. 12:15ean burdina urrezko txanponengatik trukatzeko ekitaldia eginen da. Ondotik Iruñeko Orfeoiko ahots lodien abesbatzak kantatuko du plazan. 13:00etan, berriz, “Premostratenseak euskal lurraldean” ikusentzunekoa eta solasaldia eskainiko du Michel Duvert-ek elizan. 14:30ean zikiro jatea izanen da, Iruñeko Orfeoiko ahots lodien abesbatzak alaitua. Bazkal ondoan DJ batek musika paratuko du.