Aurten ere 15,83 kilometro egin beharko dituzte Urdazubiko Kontrabandisten lasterketan parte hartzen duten lasterkariek: 10,2 kilometro bidexkatan barna, 2,4 kilometro lurrezko bidetatik eta 3,2 kilometro errepidean.
Herriko besten barne, maiatzaren 11n eginen den mendi lasterketa plazatik abiatuko da, 10:00etan. Errepidean goiti eginez, Elixondoko bordarantz (250 metro) bidexka hartu beharko dute; hemendik Azkarko lepora igo (411 metro) eta Argaingoita mendiaren atzetik Axular etxera jautsiko dira. Iribere auzoari itzulia emanez, tarteko helmugara ailegatuko dira, Irigoienea aterpean (100 metro). Fraileen iturritik iragan ondotik, Elorgako bordaraino (390 metro) igoko dira Otsondottiki mendiari itzulia emanez eta ondotik berriz plazara bueltatuko dira Gainekola bordan barna.
Ibilbidearen gehieneko malda 326 metrokoa izanen da eta denera 656 metro igo beharko dituzte partehartzaileek. Sei kontrol puntu izanen ditu eta hiru hornidura puntu. Ibilbideko punturik altuena 411 metrotan egonen da eta ttikiena 84 metrotan, irteera eta helmuga puntuan, hain zuzen.
Emakumezko nahiz gizonezkoen artean hiru lehenbizikoentzat sariak izanen dira: lehendabizikoak 250 euro eskuratuko ditu; bigarrenak 150 euro eta hirugarrenak 50 euro. Tarteko helmuga 7,8. kilometroan kokatu dute eta hemen Irigoienea hostalak emanen du saria, bi lagunendako asteburu bat doan. Urdazubiko lehenbiziko bi korrikalariek ere saria izanen dute, kafetera bana.
IZEN-EMATEA
Izena emateko epea apirilaren 1ean ireki eta maiatzaren 8an akituko da eta web orri bidez bakarrik egiten ahalko da: www.urdazubikontrabandistas.ueuo.com. Erregistroa egiterakoan 10 euro ordaindu beharko dira. Dortsalak, berriz, lasterketaren egunean 08:30etik 09:45era bitartean banatuko dira.