Dantxarineko ur-araztegi berria inauguratu dute abenduaren 14an

TTIPI-TTAPA 2012ko abenduaren 17a

Ur araztegi berriko instalazioak bixitatu zituzten ortziralean agintariek. Nafarroako Gobernua

Milioi bat terdiko inbertsioa egin da eta Nafarroako Gobernuak 589.500 eurorekin finantzatu du lana

Urdazubiko Dantxarinea auzoko eta Ainhoako udalerriko benten merkataritza-jardueretatik sortutako hondakin-urak tratatuko dituen ur-araztegia inauguratu zuten abenduaren 14an, ortziral goizean.

Urdazubiko Dantxarinea auzoko eta Ainhoako udalerriko benten merkataritza-jardueretatik sortutako hondakin-urak tratatuko dituen ur-araztegia inauguratu zuten abenduaren 14an, ortziral goizean.

Ekitaldian parte hartu zuten Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari José Javier Esparzak; Communauté de Communes Sud Pays Basque (CCSPB) mankomunitateko lehendakari Michel Hiriart-ek; Urdazubiko alkate Santiago Villares-ek eta Ainhoako alkate Henri Daguerre-ek; Toki Administrazioko zuzendari nagusi Francisco Pérez-ek; Nilsa sozietate publikoko gerente Andrés Sola-k, eta zonaldeko udaletako, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu orokorreko eta Akitaniako eskualdeko ordezkariek.

Proiektua 2010ean Nafarroako Gobernuaren eta aipatutako Communauté de Communes mankomunitatearen artean sinatutako mugaz haraindiko lankidetza-akordioaren barnean kokatzen da; akordio horren arabera, araztegia goitik behera berreraikitzeko erabakia hartu zen haren gaitasuna handitzeko, 2.500 biztanlerentzat, existitzen diren instalazioak ez baitira nahikoak Dantxarineko benten merkataritza eta ostalaritzako jarduera handitu egin delako eta euri-ura aldian behin sartzen delako.

Obrek urtebeteko iraupena izan dute eta araztegi hori hobetzeko 1,5 milioi euro behar izan da. Mugaz haraindiko lankidetza-programaren baitan izanik, Europar Batasunak, POCTEFA (Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz haraindiko Lankidetza Programa) Europako programaren barnean, 2010eko otsailean inbertsioaren aurrekontuaren % 65eko ekarpena onartu zuen. Europako funtsekin diruz lagundu gabeko kopurua Nafarroak finantzatu du % 90ean (589.500 euro) eta administrazio frantsesak % 10ean (65.000 euro), aipatutako hitzarmenak ezartzen zuenez.

Nafarroari egotzitako inbertsioaren kostua Nilsa sozietate publikoak hartu du bere gain, 2011 eta 2012 urteetarako bere jarduketa-programen barnean.

Azpiegitura berri hori Degremont-Suez enpresak egin du eta, horretarako, Cyclor izeneko izaera trinkoko teknologia erabili du, efluenteen bigarren mailako tratamendurako. Teknologia horrekin arazten dira Frantzian, gaur egun, milioi bat biztanle baino gehiagoren hondakin-urak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun