Arrakasta handia izan zuen Kantu Zaharren Egunak

TTIPI-TTAPA 2012ko abenduaren 12a

Giro paregabea izan zen Kantu Zaharren Egunean. Juan Mari ONDIKOL

350 kantuzale elkartu ziren bederatzigarren edizioan

350 kantuzale elkartu ziren azaroaren 24an Dantxarinean Kantu zaharren eguna ospatzeko. 2004an ospatu zen lehenengoz egun hau eta aurten, bederatzigarren edizioan, egun honen arrakasta erabatekoa dela agerian gelditu da da. Horren adierazle da, azaroaren 3an goizean sarrerak salgai jarri eta eguerdirako guztiak agortuta zeudela.
 
Eguerdiko ordubietan hasi zen bazkaria Lugarana jatetxean eta bazkal ondoren hasi zen gozamena, euskal kantugintzari errepaso ederra eman zioten. Iturengo arotza abestiarekin hasi eta Lepoan hartu ta segi aurrerarekin segitu... Zortzi orduz aritu ziren kantuan, eta eztarriek ez zuten atsedenik hartu nahi. Abes­lariez gain, tartean izan ziren, Zubietako Joaldunak, Leitzako dan­tzariak, Jalisko Ibarra eta bere tronpeta giro, paregabea sortuz. 
 
Aurten berrikuntzak ere izan ziren eta Euskadi Irratiari, Mikel Laboaren sendiari eta Carmen Deskarga, Angel Mariezkurrena kantu zaha­rren egunaren antolatzailearen amari, omenaldi ttiki bana egin zieten. Gainera, Mahai In­guruko kantuak taldearen bigarren diska ere aurkeztu zuten. Aipatzekoa da diska be­rria 10 eurotan salgai dagoela eta salmenta bakoitzeko euro bat Bortziriak, Malerreka eta Baztango gizarte zerbitzuetara bideratuko da, beharrean dagoen jendeari emateko.
 
Ohiturari eutsiz, Agur Jaunak abestiarekin eman zioten akabaila biribila egunari eta dato­rren urteko Kantu zaharren egunaren esperoan dira dagoeneko kantuzaleak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun