Arrakasta handia izan zuen Kantu Zaharren bederatzigarren egunak

Ttipi-Ttapa 2012ko aza. 26a, 12:04

Bazkalondoan hasi eta zortzi orduz, euskal kantuei errepaso ederra eman zieten Dantxarienean bildutako 350 lagunek. Juan Mari Ondikol

350 kantuzale bildu ziren larunbatean Dantxarinean

Iturengo arotza abestiarekin hasi, Lepoan hartu ta segi aurrerarekin jarraitu eta zortzi orduz kantuan gozatuz. Azaroaren 24an,  350 kantuzale elkartu ziren Dantxarinean Kantu zaharren eguna ospatzeko. Aurten omenaldi ttiki bat ere antolatu zuten eta Mahai Inguruko kantuak taldearen bigarren diska ere aurkeztu zuten. Agur Jaunak abestiarekin eman zioten amaiera biribila egunari eta datorren urteko Kantu zaharren egunaren esperoan dira dagoeneko kantuzaleak.

Larunbat honetan 350 kantuzale elkartu ziren Dantxarinean Kantu zaharren eguna ospatzeko. 2004an ospatu zen lehenengoz egun hau eta aurten, bederatzigarren edizioan, egun honen arrakasta erabatekoa dela agerian geratu da. Horren adierazle da, azaroaren 3an goizean sarrerak salgai jarri eta eguerdirako guztiak agortuta zeudela.

Eguerdiko ordubietan hasi zen bazkaria Lugarana jatetxean eta bazkal ondoren hasi zen gozamena, euskal kantugintzari errepaso ederra eman zioten. Iturengo arotza abestiarekin hasi eta Lepoan hartu ta segi aurrerarekin jarraitu... Zortzi orduz aritu ziren kantuan, eta eztarriek ez zuten atsedenik hartu nahi. Abeslariez gain, tartean izan ziren, Zubietako Joaldunak, Leitzako dantzariak, Jalisko Ibarra eta bere tronpeta giro paregabea sortuz. Aurten berrikuntzak ere izan ziren eta Euskadi Irratiari, Mikel Laboaren sendiari eta Carmen Deskarga, Angel Mariezkurrena kantu zaharren egunaren antolatzailearen amari, omenaldi ttiki bat egin zieten. Gainera, Mahai Inguruko kantuak taldearen bigarren diska ere aurkeztu zuten. Agur Jaunak abestiarekin eman zioten amaiera biribila egunari eta datorren urteko Kantu zaharren egunaren esperoan dira dagoeneko kantuzaleak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!