Kantu Zaharren 9. Eguna azaroaren 24an ospatuko da

TTIPI-TTAPA 2012ko azaroaren 15a

Bigarren diska plazaratu du Mahai Inguruko kantuak taldeak. Utzitako argazkia

Bigarren diska karrikaratu du Mahai inguruko kantuak taldeak

Euskal kantak abes­tea maite dutenek urteko hitzordua Dantxa­rineako Peio Bentan egin baitute aurten ere, Lugarana jatetxean. Azaroaren 24an eginen da Kantu Zaharren Egunaren bederatzigarren edizioa, sortzez era­tsundarra baina Sunbi­llan bizi den Angel Mariezkurrenaren ekimenez.

Egun osoko egitaraua antolatu du: 14:00etan bazkaria eginen da, eta bazkalondoan kantuan ariko dira. 20:00etan, berriz, berendu-afaria eginen da eta ondotik kantuan segituko dute 22:30 aldera bitarte.

Urtetik urtera izaten dira sorpresak jaialdi honetan, eta aurten ere hala izanen dela azaldu digu eratsundarrak. Ipar zein Hego Euskal He­rriko kantariak hurbiltzekoak dira, baina ezustekoa zein izanen den ez du argitu: «sorpresak izanen dira baina egun berean jakinen da zer diren».

Dagoeneko agortuak dira bazkarirako txartelak. Mariezkurrenak 350 txartel paratu zituen salgai 55 eurotan, baina egun batean denak saldu zirela adierazi dio TTIPI-TTAPAri. Horren harira, «alde batetik, oso kontent» dagoela aipatu digu, baina bertzetik, «pena» ere ematen omen dio, jendea aukerarik gabe gelditu delakoz.  Joan den urtean bezala, 155 euskal abestiekin osatutako 2.500 liburuxka pres­tatu ditu eta guztiak banatzeko asmoa du. Horietatik 500 inguru azaroaren 24an bazkarira agertzen direnek jasoko dute, bere tokian. Gainerakoak 5 eurotan salgai jarriko dituzte eta Kantu Zaharren Eguna ez ezik, aurten Nafarroa Oinez antolatu duen San Fermin ikastolari lagun­tzeko izanen da.

MAHAI INGURUKO KANTUAK II

Mahai Inguruko kantuak II diska ere plazaratu dute, 12 abestirekin. Alberto Zunzarren, Antonio Inda, Itziar Aleman, Goreti Antzizar, Jokin Irigoien, Juan Mari Aleman, Kiko Gartxitorena, Lorea Babaze, Luis Mari Retegi, Maxux Elizegi, Patxi Mariezku­rrena eta Angel Mariezkurrena ari dira kantari. Musikariak, berriz, Aitor Ibarra Jalisko (tronpeta eta musika ekoizlea), Beatriz Agirre (akordeoia), Joxerra Mitxelena (baxua eta gitarra) eta Jon Irazoki (pianoa). Elbeteko estudioan grabatu dute, Mikel Biguria eta Candi Fernandez teknikariekin. 10 eurotan paratu dute salgai, baina diska bakoitzeko euro bat, krisiaren eraginez Bortziriak, Male­rreka eta Baztanen beharrean daudenei bideratuko zaie.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun