Ikusgarria izaten ari da Alex de la Iglesiaren pelikularen grabaketa.
Astelehenean Etxeberriko belaiean ‘Braveheart’ gisako irudiak ikusi ziren: 200 lagun lasterka, oihuka, irrintzika eta zalapartaka.
Ortzegun arratsean beheitiko karrika eta Lapiztegian aritu ziren: ilunabarrean hasi eta gau osoz iraun zuen grabaketak. Horretarako argiteri publikoa itzali zen, eta etxeetatik argirik ez ateratzea eskatu zen.
MAKROAKELARREA
Ortzirale gauean berriz, lezean “makro-akelarre” bat muntatu zen, eta 700 lagun aritu ziren goizeko 7:30ak arte. Pertsona hauetatik ia-ia denak emakumezkoak ziren, gutti batzuk ezik: Lantz-eko inauteriko pertsonai batzuk (ziripot eta txatxoak), eta Ituren eta Zubietako joaldunak.
Seguraski irudi ederrena Mikel Laboren ‘Baga-biga-higa’ musikarekin egin zen grabaketarena izanen da: 700 lagun mugitzen musika horren doinuakin, txalaparta eta burdin hotsek lagundurik, eta joaldunen joariak adituz. Irudi biziki pulita behar du izan hori. Horretaz gain ere, bitxia izan zen Carmen Maura ‘Baga-biga-higa’ kantatzen ikustea…
Oraindik aste batez aritu beharrak dira hemen barna, eta aditu dugunez, jende hauek gustura daude gure artean, eta ez da harritzekoa: Barrantxekoek marmitakora konbidatzen, Sartzarrekoek txokolota eta gatobazkera, eta Bordakoetxekoek txanpainera… hala-jokoa!!!