Sekulako zalapartean dugu herria udatik hunat. Alex de la Iglesiaren pelikula dela eta, ez dugu aspertzeko astirik.
Zuzendaria bera bestetan hemen barna ibili zen bazterrak ezagutzen, eta horien artean Barrantxean ere egon zen, aspaldiko Grazianaren etxea ezagutzeko ilusionea baitzuen. Kontent atera omen zen Barrantxetik, marmitako plater pare bat jan ondotik.
Irailaren erdi aldera castinga izan ginuen: 500 extra behar zirela, eta hara sorpresa, 912 lagun etorri baitziren herrira. Hementxe gaude orain, ea nor hautatu ote duten esperoan.
Eszenaren batekoz «gargantua» behar omen zuten, eta hori ere Bilbotik hartu eta hunat ekarri zuten. Plazan zeuden kotxe guztiak kendu behar izan ziren trailer animale batean ekarri baitzuten, eta hantxe Sartzarrean emana dute.
GRABAZIO LANAK URRIKO LEHEN HAMABORTZALDIAN
Eta orain, urriaren lehenbiziko hamabortzaldian grabazioneak ditugu. Lehenbiziko astean herriko hainbat txokotan egin beharrak dituzte, eta bigarren hamabortzaldian, berriz, lezeko eszenak. Lezeko hauek gauez izanen dira, ilunabarretik goizalderat, eta hauetan parte hartuko dute aipatutako extrek. Hauendako autobusak jarri behar dituzte inguruko herrietatik Zugarramurdirat ekartzeko.
Hau guztia dela eta, lezea etsita egonen da urriko lehenbiziko bi aste horietan. Horren ordez, eta museoa irekita egonen denez, bisita gidatu berezi batzuk eskainiko dire. Beraz, zerbait diferenta ikusteko aukera izanen da.
Bertzalde, eta nahiz eta gure hau sorginaren herria bezala ezaguna den, usaian gauez ez da ‘martxa’ haundirik izaten. Jatetxe guti egoten dira irekita, eta ostatuak goiz esten dituzte, bainan urriko egun hauetan gaueko zerbitzua luzatuko dute, jende andana etortzea espero baita.