Egun osoko besta antolatu dute Urdazubin irailaren 16an eginen den Xareta Egunerako

TTIPI TTAPA 2012ko ira. 14a, 09:34
Pilotaren Unibertsoa ekimeneko azken erakustaldia ere eginen da igande arratsaldean Urdazubin. Alfil

Igande arratsaldean Pilotaren Unibertsoari bukaera emanez partidak jokatuko dira

Xareta Eguna irailaren 16an ospatuko da, igandearekin. Eta elkartasun besta horren aitzakian, egun osoko besta antolatu dute, irailaren 13an prentsaurrean Santiago Villares Urdazubiko alkateak eta Valerie Then Ainhoako turismo bulegoko arduradunak jakinarazi zutenez.

Xareta Eguna irailaren 16an ospatuko da, igandearekin. Eta elkartasun besta horren aitzakian, egun osoko besta antolatu dute, irailaren 13an prentsaurrean Santiago Villares Urdazubiko alkateak eta Valerie Then Ainhoako turismo bulegoko arduradunak jakinarazi zutenez.

Mugen arteko herriak sustatzeko; Urdazubi eta Zugarramurdi Nafarroan eta Sara eta Ainhoa Lapurdin, sortu da ekimen hau. Urdazubin ospatuko da aurtengo lehen edizioa eta urtero aldatzen joango dira 4 herrien artean.

Xaretako herriak bizileku bat osatzen du aspalditik, mugaren alde batetik bertzaldera. Santiago Villaresek aipatu zuenez, «Historiaurretik hasita gaurko eguna arte hori frogatzen duten testigantza ugari badaude eta horiek mugaz bi aldeetako elkar bizitza izan zela eta badela erakusten digute. Horrela dela eta ospatzen dugu egun hau eta bertan Urdazubitik Ainhoara joateko bide berria estreinatuko da».

 

Egitarau zabala

Hain zuzen, goizeko 08:30etik izanen da Urdazubi-Ainhoa-Urdazubi bide berritik ibiltzeko aukera. Goizean, 10:00etatik 15:00etara Baztan-Bidasoaldea eta Xaretako artisauen erakusketa ikusgai izanen da. 12:30ean Ainhoa eta Urdazubi arteko bide berria inauguratuko dute, 12:45ean herri kirol erakustaldia izanen da eta 14:30ean zikiro jatea eginen da frontoian.

Arratsaldean, berriz, abuztuaren 4an hasitako Pilotaren Unibertsoa ekimenari bukaera emanen zaio, 17:30ean hasiko den erakustaldi batekin. Aurten hirugarren aldiz pilota modalitateen inguruan erakustaldia eginen da. Bertzalde, egun osoan musika doinuak nagusituko dira akordeoilarien eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun