Bisitari bereziak dituzte gaur, astelehena, Urdazubiko leizeetan. 'La Conquerant' filma grabatzen ari baitira leizeetan. Xabi Moliak zuzendutako pelikula da eta Denis Podalydes eta Mathieu Demi dira protagonistak, frantziar estatuan ezagunak diren aktoreak. Podalydesek, erraterako, Nicolas Sarkozyren pertsonaia egin zuen 'La Conquete' pelilkuan, eta Mathieu Demik Renaud Cohenen 'Quand on sera grand' pelikulan interpretazio hoberenaren saria jaso zuen 2011eko Parisko jaialdian.
'La Conquerant' filma Moliaren bigarren lan luzea da eta bi anaiorderen abenturak kontatzen ditu; Noé futbol talde bateko entrenatzailea da eta Gallad komediante bat. Azken honek maldizio baten biktimak direla konbentzituko du anaia, desagertutako euren aitak Griala aurkitu eta saldu zuenetik. Zorte txarrarekin akitzeko bi anaiek hori berreskuratu eta bere lekura itzuli nahi izanen dute: Euskal Herrio mendietara. Bi anaiordeek Urdazubiko leizeetan bilatu beharko dute altxorra.
Urdazubin egin beharreko eszenak 07:00etan hasi dira grabatzen eta 21:00 arte ariko dira. Teknikari, aktore, laguntzaileren artean 40 lagun dira lanean.