Txuletaren Eguna ospatuko dute larunbatean Urdazubin lehendabiziko aldiz

Ttipi-Ttapa 2012ko abuztuaren 24a

Euskal dantzak, herri kirolak, herri bazkaria, musika eta pilota partida izanen dira

Txuletaren Egunaren aitzakian, egun osoko besta antolatu dute. 11:30etik aitzinera, euskal dantzak, herri kirolen erakusketa, herri bazkaria, musika eta pilota erakustaldia izanen dira.

Txuletaren Egunaren aitzakian, egun osoko besta antolatu dute larunbaterako Urdazubin. Ekimena ortzegun goizean aurkeztu zuten Santiago Villares Urdazubiko alkateak, Bertizko Partzuergoko dinamizatzailea eta gerentea den Izaskun Goñik eta Mundo Delicia Seleccion-eko arduraduna den Jose Mari Caminok.

Txuleta izanen da eguneko protagonista, baina ez bakarra. Goizean parrilleroak txuleta nola prestatzen duten ikusteko aukera izanen da eta horrez gain, 11:30ean euskal dantzak ikusgai izanen dira eta 12:30ean herri kirol saioa eskainiko dute Larretxea anaiek.

14:30ean herri bazkaria izanen da frontoian eta gazteeentzat menu berezia eskainiko da. Bazkalondoan, 16:00 aldera, musika izanen da eta 17:30ean pilota erakustaldia, Pilotaren Unibertsoa ekimenaren barne. Paxaka, larruzko paleta eta zesta punta izanen dira landuko diren modalitateak. Bertzalde, egun osoan monasterioa, errota eta leizeak ikusteko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun