1972an Sabadellen (Katalunia) sortua da Carles Belda Valls. Musikaria, akordeoi diatonikoa eta trikitixa jotzen ditu. Zortzi urte daramazki Zugarramurdin bizitzen, familia ere bertan sortu du eta orai Akelarre elkarteko presidente ere bada. Nola ailegatzen ote da musikari kataluniar bat Akelarreko presidente izatera? «Tronpatu nintzen. Bilkuran ginen, elkartean jende berria sartzeko behar zen eta eskua altxatu nuen... ez zen nihor gehio», erantzun digu umorez. Katalunia eta Euskal Herriaren artean somatzen dituen ezberdintasunei buruz galdegindakoan, «Eguraldia, nortasuna, irriza, orxata....eta Zugarramurdi eta Sabadellen artean ahantxu dena. Hala ere, bi lekutan herri giroa eta ‘kosmopolitasuna’ nahasten dira», egin digu arrapostu.
Zugarramurdiko besten egitarauaren prestaketan lan handia egiten du Akelarre elkarteak ere, baina Carles Beldaren ustez, «egitaraua ez da bestatan inportanteena, giroa baizik... hori maite dut». Kataluniako eta Euskal Herriko besten arteko ezberdintasun handiena, berriz,«edalontziaren neurriak» direla aipatu digu. Ez digu zehaztu non diren handiagoak, baina susmoa badaukagu. Akelarre elkarteak Zugarramurdiri eskaintzen dionaz galdegin diogunean, «estruktura legala eta egoitza herri ideia batzuk aitzinerat eramateko» erran digu. Musika tresna berdintsuak diren akordeoi diatonikoa eta trikitixaz gain, DJ ere aritzen da zenbait ospakizunetan eta «bon, gitarra eta piano ere jotzen (eta hausten) ditut. Bai musika tresnan, bai politikan, ezkerra franko ezberdina da». Horregatik ez ditu bestak musikarik gabe ulertzen ahal: «Musikarik gabe ez da besta izaten ahal. Alkoholik gabe, bai, omen». Orduan, zergatik biltzen da gero eta jende gutiago plazako berbena eta dantzaldietan? «Ez dakit –erantzun digu– nere ustez jendeak oino dantzatzen du, baina seguraski, gustuak eta usaiak aldatzen ari dire». Zikiro jatea izaten da Zugarramurdiko ekitaldirik jendetsuena eta hori gustatzen zaion galdetu diogunean, garbi erantzun digu Beldak: «Zikiroa bai, jende biltzearen ondorio batzuk, ez».