Burdinaren egunaren 5. Edizioa ospatuko da abuztuaren 11n Urdazubin eta egun berezi horren inguruko zehaztasunak aurkeztu zituen abuztuaren 8an Urdazubiko alkateak, Santiago Villaresek. Dioenez urtero gero eta jende gehiago dator Urdazubira Burdinaren Eguna ikustera.
Bostgarren edizio honek gaiarekin lotutako jarduera egitarau zabala izanen du. Bertzeak bertze, burdin minerala idi-gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztuko da. Izan ere, meatzeetatik Monasteriora eramaten zuten, eta abadeari ematen zitzaion, urrezko moneta batzuen truke. Monastegiko elizan hitzaldi bat izanen da Miguel de la Quadra Salcedoren eskutik, zikiroa, mariachiak eta sorpresa aunitz. Laburbilduz, famili guztientzako aktibitate ugari egonen dira egun osoan.
EGITARAUA
10:00 Artisautza azoka herriko plazan, 35 artisau ingururekin. Horrez gain, umeentzako puzgarriak egongo dira.
11:30 Burdin mineralaren segizioak burdina idi gurdi batean garraiatuko du Axularretik plazaraino.
12:00 Mineralaren iritsiera Monasteriora. Olagizonek aztertuko dute, eta abadeak Plentziako benakeroei ordainduko die.
13:30 Monasterioko elizan hitzaldia emango da: Miguel de la Quadra Salcedoren eskutik.
14:30 “Zikiro jate” bazkari herrikoia frontoian.
17:00 “Elegancia Mexicana” Mariachien kontzertua frontoian.
Zikiro jate bazkarira eta Mariachien ikuskizunera bertaratzeko sarrerek 30 euro balio dute, eta udaleko hainbat establezimendutan, Udaletxean eta Dantxarinea merkataritza gunean kokatutako Turismo bulego berrian eros daitezke. Egunean berean frontoiko sarreran ere eskuragarri izanen dira.
Horrez gain, egunean zehar animazioak eta musika izanen dira, eta Monasterioa, kobak, Errota… bisitatzeko aukera ere izanen dute ekitaldira bertaratzen direnek.