Pilotaren unibertsoak seigarren edizioa eginen du Urdazubin

TTIPI TTAPA 2012ko abuztuaren 3a

Zesta punta erakustaldian apostu egiteko aukera ere izanen da. Utzitako argazkia

Lehenbiziko ekitaldia abuztuaren 4an eginen da eta paxaka, larruzko paleta eta zesta punta erakustaldiak eskainiko dira

Pilotaren Unibertsoa aurten abuztuko bi egunetan eta iraileko bertze batean eginen da Urdazubin, udalak, Nafarroako Gobernuaren, Bertizko Turismo Partzuergoaren eta bertze toki erakundeen laguntzarekin antolatua.

Pilotaren Unibertsoa aurten abuztuko bi egunetan eta iraileko bertze batean eginen da Urdazubin, udalak, Nafarroako Gobernuaren, Bertizko Turismo Partzuergoaren eta bertze toki erakundeen laguntzarekin antolatua.

Abuztuaren 4an emanen zaio hasiera pilotaren inguruko ekitaldiei. Larunbat arratsaldeko 19:00etan, pilotaren lehenbiziko jardunaldia eginen da eta hiru modalitateko pilota erakustaldiak eginen dira: paxakan Ainhoa, Sara eta Baztango pilotariak ariko dira; larruzko paletarekin Iruñeko Oberena klubeko pilotariak eta zesta puntan Jai Alai enpresakoak. Azken honetan, Miami eta Filipinetako estiloan apostuak egiteko aukera emanen da. Pilota partiden ondotik, patata tortilla lehiaketa eginen da, eta ez da musikarik ere faltako.

Abuztuaren 25ean segituko du Pilotaren Unibertsoak. 11:30ean Urdazubi eta Zugarramurdiko dantzari ttikiek beraien saioa eskainiko dute. 12:30ean herri kirol saioa eskainiko da eta 14:00etan bazkaria eginen da. Tolosako txuletak izanen dira menuko protagonistak. 16:00etan musika izanen da eta 17:30ean pilota partida frontoian.

Pilotaren Unibertsoaren hirugarren saioa irailaren 16an izanen da, Xaretaren Egunarekin batera. Egun horretan, 10:00etan artisau azoka zabalduko da, eta ordu horretatik 18:00 arte musika izanen da herrian barna. 11:00etan Ainhoa eta Urdazubi arteko bide berriaren inaugurazioa eginen da eta 14:00etan zikiro jatea. 17:00etan jokatuko den pilota partidak emanen dio Pilotaren Unibertsoa ekimenari akabera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun