Arras merkatu bitxia antolatu zen gure herrian ekainaren azkeneko igandean. Bakoitzak etxean sobran zituen tresna, altzari, arropa, liburu, jostailu, musika… karrikarat atera eta han saltzeko aukera izan zuen. Bistan da ez zela negozioa egiteko afera bat, seilaruak husteko manera bat baizik. Hori dela eta, arras gauza pulitak arras prezio merkean hartzeko aukera izan zen: arropak hiru eurotan, musika DVDak euro batean, jostailuak bi eurotan... Frontoi zaharrean antolatu zen salmenta, eta interesatu guztiek han paratu zituzten beraien gauzak. Lehenbiziko aldia zenez, eta publizitate eskasa egina zenez, ez zen mugimenta haundirik izan, baina esperientzia pulita izan zen, eta errepikatzeko asmoa omen dute antolatzaileek.