Urdazubin bi hitzordu interesgarri eta berezi izanen dituzte asteburuan Urdazubin. Alde batetik Nafarroako aitzinako autoen kontzentrazioaren zortzigarren edizioa hartuko du Urdazubik eta bertzetik, III Raid Xikint’o kirol proba gogorra ere eginen da.
Aitzinako autoen kontzentrazioari dagokionez, Espainiako toki desberdinetatik (Balear irlak, Errioxa, Nafarroa, Segovia, Madril, Valentziako Erkidegoa…) datozten hogeita hamar bat auto klasikok hartuko dute parte.
“Club Clásicos y Antiguos de Navarra“ klubak antolatu du ekitaldi hau Urdazubiko Udalaren laguntzarekin eta bertan 40, 50 eta 60 urteko eta marka desberdineko kotxe zaharrek ikusgai izanen dira: Jaguar, Mercedes, Porsche edo Volvo, bertze batzuen artean hartuko dute parte. Nabarmen bezala Jaguarek 50 urtebetetzerako aurten atera duen modelo berria.
13:00etarako iritsiko dira Ikaburuko leizeetara, bertan bisita bat egin ondoren 14:00ak aldera plazara iritsiko dira eta monastegiaren aitzinean 17:00ak arte geratuko dira, Iruñera alde egin aitzinetik.
III Raid Xikint’o 2012
Aurten ere eta hirugarren urtez, Raid Xikint’o kirol prona gogorra jokatuko da Urdazubin larunbatean eta igandean. “Association Courant d´Air” ek antolatu du, Urdazubiko Udalaren laguntzarekin. Froga ezberdinek osatzen dute Raid hau, mendiko bizikleta, oin-lasterketa, trail, orientatze frogak, arku-tiro eta bertze, kirola eta naturaz gozatzeko.
Bi froga mota desberdin egongo dira: “Raid Intense” eta “Raid Aventure”.
“Raid Intense”a bi egunetan garatuko da. Irteera larunbatean 12:00etan izanen da, gaueko etapa bat ere izanen da, bibak bat eta igandean 14:00etan bukatuko da.
“Raid Aventure” froga egun bakarrekoa da eta igandean jokatuko da 06:30etatik 14:00etara. Bertan Triala, Mountain Bike, oin-lasterketa eta orientatze frogak eginen dira.
Igandean ere ibilaldi bat antolatuko da, ongi balizatuta egonen den ibilbide batetik. Bertara oinez edo eta bizikletaz joan daiteke. 8 eta 14 arteko aurrentzat “Mini Raid Junior”a antolatuko da, frogak oin-lasterketa eta mendiko bizikletak izanen dira.
Akitzeko Herriko plazan Zikiro jatea eginen da.