Sorginen kontuak hobeki ulertzeko haurrendako tailerrak prestatu dituzte

Koro eta Margari 2012ko maiatzaren 16a

Lesakako Irain eskolako ikasleak eta Berako Ricardo Baroja eskolako ikasleak. Margari eta Koro

Eskoletako haurrei tailerrak eskaintzen hasi dira

Sorginen historia, euskal mitologia, antzinako bizimodu eta ohiturak, eta sendabela­rren erabilerak Sorginen Museoan ageri diren zenbait gai dira, baina haur ttikienek ulertu ezin dituztenez, bortz tailer diferentak prestatu dituzte beraientzat.

Lesakako Irain Eskola Publikoko 30 ikasle izan ziren lehendabizikoak esperientzia berri hau probatzen. Herriko karriketatik, Sorginen Museotik eta Lezetik Sorgina salbatuko dugu! ginkana egin zuten: sorgin batek Barrene­txeko Graxianaren arima salbatzeko frogak azaldu zizkien, adibidez, telefono puskatuaren froga, haiek ere konprobatzeko informazioa aldatzen dela pertsona batetik bertze batera pasatzen denean. Horrela ez da harritzekoa sorginei buruz hainbertze gaizki ulertze eta gezu­r sortzea eta auzokideen artean salatzea. Eguzkilore bat margotzea edo lezean edabe magiko bat prestatzeko osa­gaiak­ lortzea izan ziren haur lesakarrendako antolatutako bertze jo­koak.

Ondotik Berako Ricardo Baroja eskolako ikasle ttikienak izan ziren euskal mitologiari buruzko tailer berria ezagutu zutenak. Bi sorginez lagunduta, euskal mitologiako pertsonaia nagusiak identifikatu zituzten, euren ontasuna edo gaiztotasuna baloratu, eta finitzeko konju­ro gisa joko bat egin zuten lezean, izaki hauen mesedea erakartzeko.

Horietaz gain, ber­tze tailer hauek ere prest daude edozein eskoletako haurrek gozatzeko: gomaevarekin pres­tatutako panpinen bitartez Zugarramurdiko sorginen historia landu; «fama txarra» duten animaliei buruz hausnarketa (apoa edo saguzaharraren fama txarra, adibidez); elikadura osasuntsua, garaikoa eta sendagai naturalaren balioa ezagutu.

Zonaldeko eskolek tailerren bat egin nahi baldin badute, informazioa jasotzen ahal dute 948 599004 telefonoan edo info@zugarramurdi.es helbidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun