«Mendekoste bestak berreskuratu nahi ditugu Dantxarinean»

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 3a

Zubiondoan, Pantxo Bentan sortua, Josenea gasolindegiko arduraduna da Txo­min Iriba­rren. Dantxarineko Merkatarien Elkarteko presidente 2010eko ekainaz geroztik. Txominek aipatu digunez, «2005ean sortu zen Dantxarineko Merkatarien Elkartea eta gaur egun 16 komertzio biltzen gara, gehienak bentak, jatetxeren batzuk eta gasolindegia». Jende aunitz ibiltzen da Dantxarinean, baina hemen ere nabari da krisiaren ondorioa. «Nork ez du eza­gutzen krisia? –onartzen du Elkarteko presidenteak– Dantxarinean ere berdin, baina nere irudikoz momentu latzetan ideia berriak bultzatu behar dira eta horretan gaude. Orain arte gure bezeroek guk mugan eskaintzen genituen produktuen erreferentzia bat bazuten eta hemendik aitzinera eskaintza hori zabaldu egin beharko dugu eta aukera berriak ere eskaini». Joan den urte hondarrean, konparazio batera, tragoa laguntzeko pintxoa urririk ematen zuten kanpaina hura ongi atera zela aipatu digu Iribarrenek. «Esperientzia piloto moduko bat izan zen, elkartearen bidez gauza berriak proposatzeko modu bat. Publizitatean indar handia egin dugu eta marketin plana aldatzea erabaki genuen, egun bereziak eskainiz. Herriko Etxe­arekin ere badugu ha­rreman ona eta elkarrekin gure eskaintzaren berri ema­ten ari gara eta ho­rren barrenean sortu zen kanpaina hori. Bezeroek ere beraietaz okupatzen garenaren sentsazioa hartu zuten». Etorkizunera begira, Mendekostetan Dantxarineko bestak berreskuratzeko asmoa du Elkarteak edo Eguberrietan Olentzeroren bat egin eta benten artean itzulixka bat egitea…

Urdazubiko Salbatore bestei dagokionez, Dantxarinean ez dela gogorki somatzen aipatu digu Txominek, «baina Frantzian ere besta eguna denez, jendea gehixeago ibiltzen da. Baina Dantxarinera egunpasa etortzen dena Urdazubira ere joaten da egun ho­rretan. Herriko Etxearekin elkarlanean hasi garen honetan, gure helburua ere hori da: gure eskaintza komertzialarekin eta herriko eskaintza kulturalarekin, lezeak, monasterioa… jende berria hurbilaraztea».

Salbatore bestak disfrutatzea ere gustatzen zaio Iribarreni, «ahal dudan neurrian besta egi­ten dut, denerako astia hartu behar da. Besten barrenean, badira mementuak adin guzietakoak gozatzeko. Neretako, aski maite dudan ekitaldia zikiro jatea da, egun ederra pasatzen dugu hantxe, txarangarekin ostatuetan itzulia egin, normalean ez dut hutsik egiten». Motorzalea izanik, garai batean Urdazubin egiten zen motokros txapelketa ere gustura ikusiko luke berriz ere Txo­minek, «gauza aski berexia zen eta polita, leku aproposa zen, baina ingurumen aldetik baldintza gogo­rrak ezarri zituzten eta ez da gehiago egin».

Urdazubin gazteek antolatzen dituzte bestak, «betitik hori da hemengo ohitura, gure gazte denboran ere halaxe zen eta horrela segitzen du» dio Joseneko nagusiak eta hori ongi dagoela uste du, «alde batetik beraien gustuko gauzak prestatzen ahal dituztelako eta, bertze aldetik, ez da batere txa­rra beraien esku uztea, gazteek ere ardura batzuk hartzen dituztelako eta hori beraientzat ere aberasgarria da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun