«Herriko gazteen arteko frontenis txapelketaren finala jokatuko da igandean»

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 3a

Urdazubiko Salbatore besten antolaketa gazteen esku izaten da eta horiek, bortz laguneko batzordea osatzen dute. Aurten, Ione Bengotxea eta Ane Huarte batzorde horretako kide dira. Antolaketa lanak inauteriak igaro orduko hasten direla aipatu digute: «Ihauteak eta gero juntatzen gara bestetako komisioan gauden 5ak eta lanak banatzen ditugu, adibidez, bat kontzertuetaz arduratzen da, bertze bat haurren jokoetaz, bertzea bazkari eta afarietaz…», diote.

Batzordean bortz lagun izanagatik, gazte eta heldu aunitzek parte hartzen dutela onartu dute Ione Bengotxeak eta Ane Huartek: «Komisioan bortz lagun gaude, eta guk egiten ditugu lan garrantzitsuenak. Baina gazte eta heldu aunitzek parte hartzen dute ere lan auni­tzetan: karpa eta txoznak muntatu, paella/txuleta/xingarrada prestatzen, platerak-eta garbitzen…».

Diru kontuak kitatzeko orduan, bi antolatzaileek aipatu digutenez «diru gehiena ihautetan biltzen da. Haurrek ere parte hartzen dute. Biltzen duten diru guztia bestak prestatzeko ematen digute. Gero boletoak salduz ere diru dexente biltzen dugu. He­rriko Etxeak ere parte hartzen du eta laguntzen digu diru kontuetan». Alde horretatik, aipatzekoa da aur­tengo boletoak saltzen ari direla. Lehendabiziko saria Donostiako La Perlan zirkuitua eta bazkaria egiteko bi sarrera izanen da, bigarren saria lau afari Urdazubiko jatetxe batean eta hirugarrena azgazki kamera bat.

Urteroko martxa izanik ere, antolaketak denbora eta dirua eramaten du. Ione eta Anek aipatu digutenez, «diru kontutan, kontzertuak izaten dira gehien kostatzen direnak, eta denbora aldetik, kontrabandisten lasterketak du lanik handiena: bidea garbitu eta markatu, edariak prestatu eta banatu ibilbidean barrena…».

Egitarautik gustokoena zer duten galdetzerakoan bat egin dute bi antolatzaileek: «Bertso triki poteoa ekitaldirik pollitena dela iduritzen zaigu. Aurten Jexux Mari Irazu eta Julio Soto etorriko dira. Horretaz gain, berrikuntza bat dugu aurten: Herriko Gazteen arteko frontenis txapelketaren finala jokatuko da igande arratsaldean. Lehen aldiz egiten denez, jende aunitz animatu da jokatzera eta arras txapelketa pollita izaten ari da».

Egunez egun hainbat ikusgarri izaten dira Urdazubiko Salbatore bestetan, baina egun bat hautatzekotan, «gu biendako giro pollitena izaten den eguna ortzeguna da –aipatu digute Ione Bengotxeak eta Ane Huartek–. Jendea oino frexko dago eta goizetik juntatzen gara meza ondoko aperitifa prestatzera. Arra­tsaldean haurrentzako jokoak izaten dira eta gauean paella jatea. Arra­tsean giro ederra sortzen da eta ia 300 pertsona juntatzen gara».

Sosa gehiago izanez gero, aldaketa edo hobekuntzaren bat proposatzekotan, «talde ezagun bat ekarriko genuke gustora. Eta herrian gero eta haur gehiago daudenez, ba Pirritx eta Porrotx ekartzea aukera on bat izanen zen seguraski» aipatu digute.

Jakina da Dantxarineak xarma handia duela Iparraldeko eta Frantziako jendearentzat. Jende hori Urdazubiko bestetara ere hurbiltzen dela aipatu digute. Ione eta Aneren erra­netan, «Iparraldeko jende frango animatzen da, Salbatore eguna Frantzian besta eguna izaten baita urtero. Hala ere, azken urte hauetan alkoholemia kontrol aunitz jartzen ari dira eta horrek jendea beldurtzen du autoa hartzera­koan. Baztan aldetik jende guti hurbiltzen da, Iruritako bestak ere aldi berean baitira».

Urdazubiko bestetara animatzeko, berriz, horra Urdazubiko bi neska hauen gomita: «Urtetik urtera giro ederragoa dago Urdazubin eta datozen guziei harrera ona eginen diegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun