Azken urteetan baino bisitari guttiago izan ditu Zugarramurdik Aste Sainduan

TTIPI TTAPA 2012ko apirilaren 23a

Eguraldiak eta krisiak eragina izan du Zugarramurdiko bixitari kopuruaren jautsieran. Jon Martinez

Bi asteetan 5.000 lagunek bisitatu zituzten lezeak eta 1.600ek museoa

Aste Sainduak zapore gazi-gozoa utzi zuen Zugarramurdin. Normalean bisitari gehien etortzen diren urteko egunetan, hots, Ortzegun, Ortziral eta Larunbat Sainduetan, bisitari kopurua 2011koa baino %22 txikiagoa izan zen arren, Bazko Igande eta Astelehenean bisitak hazi ziren Lezeetan zein Sorginen Museoan (zehazkiago, %27a Bazko Astelehenean).

Aste Sainduak zapore gazi-gozoa utzi zuen Zugarramurdin. Normalean bisitari gehien etortzen diren urteko egunetan, hots, Ortzegun, Ortziral eta Larunbat Sainduetan, bisitari kopurua 2011koa baino %22 txikiagoa izan zen arren, Bazko Igande eta Astelehenean bisitak hazi ziren Lezeetan zein Sorginen Museoan (zehazkiago, %27a Bazko Astelehenean).

Zugarramurdiko baliabide turistikoek ordutegi bereziak eskaini zituzten bi asteetan zehar, 5.004 lagunek bisitatu zituzten Lezeak eta 1.641ek Museoa, iaz baino 2.019 gutxiago lezearen kasuan eta 717 gutxiago Museoaren kasuan.

 

Egunez egun

Eguraldi txarra gorabehera, Ortziral Sainduak segitzen du izaten bisitari gehienek hautaturiko eguna Zugarramurdiraino hurbiltzeko. Aurten lezeak 1.286 bisita jaso zituen (iaz baino 449 gutxiago) eta Sorginen Lezeak 431, 2011n jasotako 534ren aldean. Larunbata bigarren tokian kokatzen da sarrera kopuruari dagokionez: 776 bisitari Lezean eta 249 Museoan, iaz baino 320 eta 125 gutxiago, hurrenez hurren.

Hala eta guztiz ere, Ortzegun Saindua sarrera kopuru jaitsiera handiena izan zuen eguna izan zen: 555 Lezeetan (iazko 962ren aldean) eta 298 Museoan (2011n baino 128 gutxiago). Jaitsiera nabarmen honen azalpena egun horretan eskualdetik igarotzen zen Euskal Herriko Bizikleta Itzulian aurki liteke, zeren eta baliteke zale aunitzek Ibardinera igotzeko parada aprobetxatu izana zonaldeko baliabideetan turismoa egiteko erabili beharrean.

Kirol hitzordu honetaz gain, eguraldi txarra seguruenik izan daiteke bisita kopuruaren jaitsieran eragin ahal izan duten bertze osagaietariko bat. Baina osagai hauen guztien gainetik, badirudi krisialdiaren itzala sumatu egin dela.

 

Euskal bisitari gehiago

Baliteke ere krisialdia izatea jai-egun hauetan turista katalaniar eta madrildarren kopurua nabarmenki jaitsi izana eta Zugarramurdira hurbildutakoak gehienbat gipuzkoarrak eta bizkaitarrak (ia %40a) izatearen arrazoia. Honek erakusten du etxetik gertuko tokietara egun bateko txangoak nahiago izan dutela turistek. Aitzitik, Bazko Astean zehar, frantsesak izan ziren Zugarramurdi gehien bisitatu zutenak eta joera honek azken aste hauetan segitzen du jai egutegi ezberdinaren ondorioz.

 

Balorazioa

Ainhoa Agirre Zugarramurdiko Lezeen eta Sorginen Museoaren kudeatzailearen arabera, «zonaldean ditugun baliabideen ahaleginak turismoaren estazionalitatearekin haustera bideratu behar dira. 2011n Aste Sainduak jasotako bisiten %11a ekarri zuen, ehuneko erranguratsua dena. Beraz, egun hauetan zerbitzu ona emateko prest egon behar dugu baina Aste Saindu, abuztu eta zubien menpe bakarrik egoteak gure funtzionamendua asko mugatuko luke. Helburua da, gaur inoiz baino gehiago, urte osoan zehar erakarpen gaitasuna izatea, eta horretan ari gara lanean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun