Behin betiko onarpena jaso du 2012ko aurrekontuak. 1.897.315 eurokoa izanen da, iazkoa baino altuagoa. Joan den urtean Udalaren aurrekontua 1.560.630 eurokoa izan baitzen.
Udalaren hasierako onespena hartu ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen aurrekontua urtarrilean eta jendaurrean egondu zenean zenbait alegazio ere aurkeztu ziren. Joan den martxoaren 22an berriz argitaratu zen Aldizkari Ofizialean, baina kasu honetan, behin betiko onespenaren berri emateko.
Aurtengo inbertsioen atalean, hauek dira aipagarrienak. N121B errepidetik herriraino doan NA 4402 zatia konpondu eta gero –Herri Lan eta Garraio Departamentuak %100ean ordaindu zuen obra–, Udalak aurrekontuan 60.000 euroko partida aurreikusi zuen bide horretan argiteria paratzeko, baina azkenean 30.000 euro azpitik erabili dira horretarako. Bertze inbertsioei dagokienez, gainerako argiteria zabaltzeko 20.000 euro aurreikusiak ditu Udalak eta haur parke berrirako 30.000 euro.
Errepidean argiteria paratzeko lanak
NA 4402 errepidea berritzearekin batera, bide horretan argiteria ere paratu du Udalak. 29.841,23 eurotan esleitu zituen Herriko Etxeak lanak eta dagoeneko finituak ez badaude, finitzear egonen dira.
Iribere auzoan saneamendua
Iribere auzoan saneamendu lanak ere egin dira.139.921,33 eurotan Angel Bengoetxea enpresak arduratu da lanak egiteaz.
Dantxarineako plana
Nafarroako Gobernuak onartu du Dantxarineako planaren aldaketa. Gisa honetara, lurzoru urbanizaezinak zirenak erabilera komertzialerako bilakatu dira.