350 bat lagun bildu ziren azaroaren 26an Dantxarineako Lugarana jatetxean ospatu zen Euskal Kantu Zaharren Egunaren zortzigarren edizioan. Mahaian lekua lortu zutenak pozik aritu ziren kantu kantari bazkalondoan, euren ahotsak eta Jalisko edo Joxe Angel bezalako soinulariak edo Angel Mari Peñagarikano bertsolaria eta Patxi Saez edo Panpi Portugal kantariak lagun zituztela. Euskal kantuak ez ezik rantxerak kantatzeko aukera ere izan zuten eta giroa gori-gori zegoenean, Zubietako joaldunek oraindik beroago jarri zuten ustekabean. Angel Mariezkurrena antolatzailea ere kontent azaldu zen izandako arrakastarekin.