Asteburuetako ‘bandalismoa’ salatu du Urdazubiko Udalak

TTIPI TTAPA 2011ko abenduaren 1a

Azken asteburuan Genaro Fagoagak landutako harri bat hautsi dute

Asteburuetan Dantxarinea inguruan gertatzen diren “bandalismo ekintzak” salatu ditu Urdazubiko Udalak. Azken asteburuan, Genaro Fagoagak grabatutako harri bat hautsita agertu da.

Asteburuetan Dantxarinea inguruan gertatzen diren “bandalismo ekintzak” salatu ditu Urdazubiko Udalak. Azken asteburuan, Genaro Fagoagak grabatutako harri bat hautsita agertu da.

«Bertze behin ere, herriko altzari, trafiko seinale, zuhaitz eta abarren kontrako bandalismoaren berri eman behar dugu, batez ere La Nuba diskotekak ateak zabaltzen dituen asteburuetan». Hitzez hitz horrela salatu du Urdazubiko Udalak. Ekintza horiek bereziki Dantxarinea inguruan gertatzen direla azaldu du, baina noizean behin herriguneraino eta ingurura ere ailegatzen direla gaineratu du.

Azaroaren 26-27an, Genaro Fagoagak grabatutako harri bat hautsita agertu zela jakinarazi du Urdazubiko Udalak: «herriari utzi dizkion egurrezko eta harrizko obra aunitzen egilea da Genaro, eta hautsi duten harri hori zubi berriaren inguruan jarria zen bezperan».

Urdazubiko Udalak «gogor gaitzetsi» ditu ekintzak eta aldi berean, Genarori eskerrak eman nahi izan dizkio herriagatik egiten duen lanagatik eta erakutsitako borondateagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun