Azken urteetako ohiturari eutsiz, 350 bat lagun bildu ziren azaroaren 26an Urdazubin, Dantxarinea auzoko Lugarana jatetxean ospatu zen Euskal Kantu Zaharren Egunaren zortzigarren edizioan.
Mahaian lekua lortu zutenak pozik aritu ziren kantu kantari bazkalondoan, euren ahotsak eta Jalisko edo Joxe Angel bezalako soinulariak edo Angel Mari Peñagarikano bertsolaria eta Patxi Saez edoPanpi Portugal kantariak lagun zituztela. Euskal kantuak ez ezik rantxerak kantatzeko aukera ere izan zuten eta giroa gori-gori zegoenean, Zubietako joaldunek oraindik beroago jarri zuten ustekabean.
Larunbat arratsaldeko ordubietan hasi eta arratseko 22:30ean oraindik inork ez zuen etxeratzeko presarik, baina denek batera Xalbadorren heriotzean hunkigarria abestu zuten, batzuek negar malkoak begian zituztela. Azken-azkenik, Agur Jaunak kantatu eta etxeratu zen jendea.
Angel Mariezkurrena antolatzailea ere kontent azaldu zen izandako arrakastarekin eta dagoeneko klasikoa bihurtu den hitzorduaren bilakaerarekin. Heldu den urtean ere antolatzen segitzeko animoak jaso zituela ere aipatu digu Mariezkurrenak.