Azaro hasieran bisitari bereziak izan genituen herrian: Europa, Amerika, Asia eta Ozeaniatik etorritako ehun euskaldun. Guztiak Donostiako Kursaalen ospatu zen Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzarrean parte hartzerat etorriak ziren, eta lan horietan hasi baino lehen, Zugarramurdiko lezeak eta museoa ezagutzerat etorri ziren. Lezeko haunditasunak harritu egin zituen gehienbat, eta ekarri zuten sorginei buruzko estereotipoa arras aldatu zitzaien museoa ikusi ondotik, Zugarramurdin eta inguruko herrietan egiazki gertatukoaren istorioa ezagutu ondotik.