Dantxarineko merkataritza indartzeko eta bezeroen fideltasuna saritzeko asmoarekin, kanpaina berria paratu du martxan Dantxarineko Ostalaritza eta Merkataritza Elkarteak. Pintxo batera gonbidatzen zaitugu izenburupean azaroaren 9an, asteazken eguerdian aurkeztu zuen Txomin Iribarren, Elkarteko presidenteak Pantxo Bentan.
Ekimen honekin bat egin duten hamar benta, ostatu edo gasolindegietara joan eta bezeroek kontsumizioa eskatzerakoan, pintxo bat lortuko dute doan. Zehazki, Josenea gasolindegian, Landibarren, Mikelen-Bordan, Agus Bentan, Iriartea Bentan, Lapitxuri Bentan, Paco Bentan, Pantxo Bentan, Patxi Bentan eta Peio Bentan eskainiko dute pintxoa.
Abenduaren 2ra arte asteazken, ortzegun eta ortziraletan egonen da indarrean kanpaina. Ekimen gehiago ere eginen dituztela iragarri du Txomin Iribarrenek, “bezeroei ahalik eta zerbitzurik hurbilena eta atseginena eskaintzeko helburuarekin”.