Iazko bazkariak izan zuen arrakastaren ondotik, Euskal Herriko euskal-txiletarrek hitzordu berria egin dute igande honetarako eta Urdazubin bilduko dira Txileko jai nazionala ospatzeko. Ez da bazkarirako tokirik gelditzen, baina bazkalondoko kafe eta solasaldian egingo diete lekurik azken orduko bisitariei.
Bixente Larre Txilen jaiotako hazpandarra da eta bera izan zen iazko bilkuraren antolatzaileetako bat. Aurtengo bazkariaren berri eman dio aste honetan www.euskalkultura.com webguneari: igandean bilduko dira Euskal Herriko txiletarrak, Txileren egun nazionala ospatzeko. Hitzordua Urdazubiko Ikaburua jatetxean da, irailaren 18an igande eguerdiko 12:00etan. Eguneko egitaraua ongi etorri poteo batekin hasiko da eta iaz bezala, pisco-sour izeneko trago tipikoa dastatu ahal izango dute bertara biltzen direnek. Bazkariaren ondoren, arratsaldean, musika, dantza eta Txileko joko tipikoak egingo dituzte.