Ordenagailua erabiltzen ikasteko ikastaroa

Margari eta Koro 2011ko uztailaren 21a

Elizondoko Eskiz informatika dendako Joxemari Arraztoa ari da ikastaroa ematen. Margari eta Koro

‘Informazio eta komunikaziora-ko teknologia berrietara hurbil zaitez’ izenburupean

 

 

Uztailaren 4etik hunat Urdazubi eta Zuga­rramurdiko 11 lagun ordenagailuan ikasten ari dira. Informatikari buruz deus ezagupenik ez dutenendako da ikastaro hau, eta informatika orokorra, internet eta posta elek­tronikoa ikasiko dute.

Ikastaroaren izenburua Informazio eta Komunikaziorako Teknologia Berrietara hurbil zaitez da, eta hiru astez astelehenetik ortziralera emanen da, bi oren eta erdi egun bakoitzean. Cederna-Garalur elkartea eta Sorginen Museoa izan dira antolatzaileak, eta ikastaro emailea Elizondoko Eskiz informatika dendakoko Joxemari Arraztoa da.

Hasieran, bi herri hauetan eskaera haundia sortu zen eta 20 bat lagunek izena eman zuten. Denak batera egitea posible ez zenez, bi txanda antolatu dira. Hurrengoa, udazkenean edo neguan izanen da (eta hura ere zerotik hasiko da). Jende gehiagok interesa baldin badauka, Sorginen Museora dei dezala: 948 599 004 / 948 599 223.

Marketin eta gizarte sareak

Bertzalde, heldu den urriaren 23 eta 24rako bertze informatika ikastaro mota bat antolatu da: Marketina eta gizarte sareak, turismo sektoreko establezimenduetako jabe eta langileei zuzendua. Honetarako gehienez 10 lagun onartuko dira, eta izena emateko telefono hauetara deitu behar da 948 599 004 / 948 599 223, edo info@zugarramurdi.es helbidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun