Azken hamabortz egunak beroak izan dira herrian, bai tenperaturaz eta bai ospakizunei dagokienez ere. Ekainaren 18an Sorginen Eguna ospatu zen. Ekitaldiz beteriko eguna eta ospakizuna izan zen, hitzaldiak, lezera bisitak, dantza eta kanta emanaldiak, eta nola ez Akelarrearen antzezpena egin zuten.
Ekainaren 19an, berriz, herriko haurren komunioneak izan ziren. Aurten zortzi neska-mutiko izan dira Lehen Jaunartzea egin dutenak. Eta komunioen ondotik, neska-mutikoek berriz ere jantzi dotoreak paratu eta Bestaberriko prozesioan parte hartu zuten ekainaren 26an.
Bertzalde, ekainaren 23ko ohiturei jarraituz, Sanjuan bezperako sua egin zen. Suaren inguruan dantzan ibili zen jendea eta ausartenek salto ere egin zuten.
Azken egunetan onddo aunitz ere bildu dituzte herritar batzuek.