Dantxarineko Turismo Bulegoak zabaldu ditu ateak dagoeneko eta hiru hilabetez horrela egonen da, irail bukaera arte. Turismo Bulegoan lanean aritzeko, Udalak eta Bertiz Partzuergo Turistikoak deialdia egin zuten interesatu guztiek izena eman zezaten. Joan den ekainaren 28an akitu zen curriculumak aurkezteko epea eta hiru interesatu aurkeztu ziren. Baldintzen artean, zonaldekoa izatea eskatu zen, baita Baztan-Bidasoaldea ezagutzea eta euskaraz, gazteleraz eta frantsesez jakitea ere. Bere egiteko nagusia, bisitariei harrera egitea izanen da eta aldi berean, informazio turistikoa ematea. Turismo bulegoan ohikoak diren administrazio lanak ere egin beharko ditu.