Urdazubin hasi da Iparraldeko Joku Torneoa

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 6a

Hiru jardunaldi jokatuko dira guztira

Ekainaren 5ean, igandea, jokatu zen Iparraldeko Joku Torneoaren lehen jardunaldia Urdazubin. Lokotx biltzea, ingude altxatea, harrijasotzea, lasto jasotzea, zakuak eramatea eta txingak izan ziren egin behar izan zituzten lanak.

Lokotx bilketan, 50 lokotx bildu behar izan zituzten eta denbora onena Fernando Etxegarai beratarrak egin zuen, 06:07.37rekin. Bigarren Andoni Lasaga etxalartarra izan zen 06:29.65eko denborarekin. Bertze lau lehiakideek ezin izan zuten parte hartu.

18 kiloko ingudea altxatzen Lazaro Bujan leitzarra gailendu zen, minutu batez 56 jasoaldi emanda. Iker Lizarragak 48 eman zizkion bigarren postua lortuz.

Harrijasotzen 125 kiloko zilindroari, 112,5 kiloko kubikoari, 100 kiloko bolari, minutu batean ahalik eta jasoaldi gehien egin behar zitzaizkion. Xabier Ariztegi izan zen parte hartzaile bakarra, Josetxo Urrutiak ezin izan baitzuen parte hartu, eta guztira 3.375 kilo jaso zituen. Zilindroari 11 altxaldi eman zizkion, kubikoari zortzi eta bolari 11.

45 kiloko lasto fardoari bikoteka 18 jasoaldi egin behar zitzaizkion. Karlos Sein eta Arkaitz Retegi igantziarrak izan ziren garaile, minutu eta 47 segundutan egin baitzituzten 18 jasoaldiak. Bigarren Oskar Telletxea igantziarra eta Xabier Galarregi etxalartarra izan ziren mintutu eta 49 segundurekin. Hirugarren postuan Iñaki Bereau eta Eneko Telletxea igantziarrak minutu eta 58 segundurekin.

40 kiloko txingak esku banatan eramaten lehen postuan Miguel Angel Sukuntza leitzarra izan zen, 30 plaza egin zituen. Bigarren Imanol Martin berriozarrtarra zortzi plaza eta erdirekin eta hirugarren Lazaro Bujan leitzarra hiru plazarekin.

Bigarren jardunaldia ekainaren 12an, igandea izanen da Berroetan 18:30etik aitzinera. Hirugarren jardunaldia Betelun izanen da uztailaren 3an

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun