Aste Saindua dela eta, Zugarramurdiko Sorginen Museoak eta Lezeak beren ordutegiak zabalduko dituzte. Honela, Ortzegun Sainduan, apirilaren 21ean hasi eta 25era arte, Sorginen Museoak 11:00etatik 19:30era irekiko ditu ateak eta lezeak 10:30etik 20:00etara. Apirilaren 26tik maiatzaren 1era, berriz, Sorginen Museoa 11:00etatik 19:00etara irekiko da eta lezea 10:30etik 19:30era.
Modu berean,”Ilargi betea, sorginen larrea” bisita antzeztuak eskainiko dituzte apirilaren 22 eta 23an, Ortziral eta Larunbat Sainduan. Bisita antzeztuak 19:30ean hasiko dira eskola aitzineko plazatxoan, Sorginen Museoaren parean. Helduek 10 euro eta haurrek 6 euro ordaindu beharko dituzte. Gogoratu behar da 2010ean, Logroñoko Fedeautoaren 400. Urteurrenean, bisita hauek doan eskaini ahal izan zituztela. Aurten, beharrezkoa da tiketak aitzinetik erostea Sorginen Museoan. Dena den, aktibitate hau “Nafarroak doan hartzen zaitu” kanpainaren barrenean dagoenez, 6 euroko beherapena izanen du. Bisita bakoitzean gehienez 60 pertsonak har dezakete parte, tokia aitzinetik erreserbatzeko 948 599004 telefonora deitu edo info@zugarramurdi.es helbide elektronikora idatzi behar da.
Sorginen Museoaren sabaian, George Labrosse eta Bixente Garzia margolari saratarren erakusketak osatzen du Zugarramurdiko Aste Sainduko eskaintza berezia.