Dantxarineako zeharbideko lanak ordaintzen laguntzeko bortz benta eta gasolindegiri zerga berezien bidez kobratu nahi zizkien 258.089 euroak ezin izanen ditu kobratu Udalak eta bere gain hartu beharko du gastua. Benta eta gasolindegi horietako jabeen alegazioak onartu zituen Udalak urtarrilaren 28ko udal batzarrean. Batzarrean aztertu zen txosten juridikoak dioenez, «ezin da zerga berezirik kobratu dagoeneko eginak dauden obren gain».
Saihesbideko obren inguruko eztabaidaren azken atala da hau, oraingoz. Saihesbidea 2009 hondarrean ireki bazen ere, geroztik Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak proiektuaren adjudikazioa bertan behera utzia du, bi benten jabeek jarritako demandari erantzunez.
Proiektua 3,3 milioi euro gosta zen eta Nafarroako Gobernuak 2,5 milioi euro ordaindu zituen. Udalari ordaintzea zegokionaren %90a, 714.232 euro, bentek ordaindu behar zuten eta gehienek halaxe egin zuten. Ordaindu ez zuten bortz establezimenduei zerga bereziak jarri zitzaizkien iazko abenduan, alkatearen taldeko aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin hartutako erabakian.
Erabaki horri bi alegazio aurkeztu zitzaizkion. Horietako batek Udalak zerga bereziak ezartzeko behar diren lege-baldintzak ez zituela bete dio. «Zergatik nahi dute merkatari gutti batzuei legezkanpoko obra batzuengatik Udalak duen zorra ordainarazi?» galdetu dute alegazioaren egileek. Gisa berean, zerharbideak komertziante batzuei mesede egin dielakoan daude, sarbide hobeak dituztelakoz, «baina bertze batzuei kalte egin die, lehendik zituzten sarbiderik gabe utzi eta egoera komertziala ahuldu dutelako».