Ezin zen gehiago eskatu: eguraldia ederra eta bestarako gogoa ere halakoa. Umore ezin hobean joan dira aurten ere inauteriak, eta balorazio bat egiteko eskatuta, «arras gustura» pasatu dituztela erran digute gazteek.
Igande goizean gosaldu ondotik, garaiz abiatu ziren Bentetara eta ilunabarrean ere, 19:30-20:00 alderako egina zuten herrira buelta. Gazteek igande gauean pintxoak jatera mozorrotuta etortzeko gonbiteari ere kasu egin zieten batzuk, eta mozorrotuta agertu ziren guraso eta haur batzuk.
Astelehenean eta asteartean, berriz, ohiko itzuliak egin zituzten. Astelehenean, Leorlas, Alkerdi eta Larraintan barna ibili ziren gazteak eskean, eta asteartean, Landibar, Telleria eta herri ingurua zeharkatu zituzten.
Etxez etxe eskean egindako itzulian, herritarren borondatea ere nabarmendu dute gazteek, jendea ongi portatu dela erranez.
Eskolako neska-mutikoek, bertzalde, Zugarramurdin egitekoa zuten inauterietako besta martxoaren 4an.