Inauterietako egun ofizialekin bat eginez, martxoko lehendabiziko asteburuan ospatuko dira inauteriak Urdazubin ere.
Halere, eskolako neska-mutikoak izanen dira inauteriak ospatzen lehendabizikoak. Martxoaren 4an, ortziralarekin, eginen dute. Bazkalondoan mozorroak jantzi eta kalejiran ibiliko dira. Zugarramurdiko eta Urdazubiko eskolako neska-mutikoak kalejiran ibiltzen dira, urte batean herri batean eta hurrengoan bertzean. Aurten Zugarramurdin eginen dute.
Gazteak igandetik aitzinera
Gazteek igandean, martxoak 6, hasiko dituzte inauteriak. Goizean soziedadean gosaldutakoan, mozorrotu eta Dantxarinearako bidea hartuko dute. Bentaz bentaz pasako dute eguna trikitilari eta panderojoleekin. Gauean, herritar guziendako pintxoak izanen dira eta Modesto akordeoilariarekin dantzaldia ere izanen da.
Astelehenean eta asteartean, martxoaren 7 eta 8an, goizeko 10:00etan bilduko dira. Neskak baserritarrez jauntzita, eta mutilak galtza zuriekin, zinta gorri eta berde eta kaskabelekin. Bi egunetan etxez etxe ibiliko dira eta gauez pintxoak izanen dira herritar guziendako. Bi egunotan ere, Modestorekin dantzaldia izanen da.
Gonbidapen berezia egin diete Urdazubiko gazteek herritarrei gauetan emanen diren pintxoak denendako izanen direla adieraziz. Horrez gain, igande gauean denak mozorrotuta agertzera ere animatu dituzte.