Nahiz eta aunitzek ez duten aitzakiarik behar leizeetan barneratzeko, lurpeko mundua esploratzeko uzkur direnei azken bultzada emateko helburuarekin, igande honetan, hilak 6, Anaiartutako Leizeen Eguna eginen da bigarren aldiz Euskal Herriko zortzi leizetan, Nafarroako Zugarramurdi, Ikaburu (Urdazubi) eta Mendukilon (Astitz); Lapurdiko Saran, Gipuzkoako Arrikrutz (Oñati) eta Ekainberrin (Zestoa), eta Bizkaiko Pozalagua eta Kobenkoban. Sarrerak prezio erdian eta Zugarramurdiko Haitzetxea landa-etxean asteburu baten zozketan parte hartzeko aukera dira eskainitako opariak. Halere, leize bakoitzak badu bere egitaraua. Zugarramurdin, sorgin batek herriko tokirik nabarmenenak eta sorginen etxeak erakutsiko ditu eta leize ospetsua eta jendea batu zituen istorio dramatikoa kontatu du. Bisita gidatuak euskaraz 12:00etan eta gazteleraz 17:00etan izanen dira. Urdazubin, Alkerdiko leizean dauden historiaurreko grabatuak erakutsiko dira. Duela 13.000 urte eginiko labar-arte erakusketa hau oraindik ez dago jendaurrean. Bisita 17:00etan izanen da eta 20 lagunendako mugatua da. Hortaz, 948 599241ra aitzinetik deitzea komeni da.