N 121B errepideko bidegurutzearen eta Urdazubiren herriko sarreraren arteko zatian konponketak egin nahi ditu Urdazubiko Udalak eta horretarako tramitazioari ere ekin dio.
Udalak prentsara igorritako oharrean jakinarazi duenez, obra Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentuaren eta Udalaren artean ordainduko dute, eta gutti goitibeheiti kilometro bateko eremua izanen da berrituko dena. Bi noranzkotan zazpi metroko galtzada eginen da, eta oinezkoentzako bi metroko bidea ere bai. Horrez gain, San Salvador karrikako bidegurutzetik, hau da, zubiaren ondotik herri sarrera bitarte, argitazpena paratuko da.
Udaberrian hasiko direla espero da
Ondorioak jasanen dituzten auzotarrekin eta obra esleitzeko lehiaketa egiteko prozedurarekin ere hasia da Udala. Eta dagozkion baimenak lortutakoan, hilabete honetan espero du obra esleitzea. Lanak udaberria ailegatzean hastea da Udalaren asmoa, eta bi hilabeteko epean akituak egonen direla iragarri du.
Lanek iraunen duten bitartean, herriko sarbideetan aldaketak izanen direla ere jakinarazi dute Herriko Etxetik. Hala, bi aukera proposatuko dira: San Salvador karrikatik bat eta Ikaburu auzotik bertzea. Bertzalde, «obrak udalerriarentzat duen garrantzia» ere azpimarratu nahi izan du Udalak: «orain arteko sarbidean arazoak baitzeuden ibilgailu bat baino gehiago kontrako norantzan gurutzatzerakoan, baita oinez galtzadatik ibiltzerakoan ere.