N-121-B errepidean, Dantxarineako zeharbidea lehen zegoen bezala uzteko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia betetzea eskatu dute bi urdazubiarrek Administrazioarekiko auzien hirugarren epaitegian.
Zeharbidea 2009ko azaroaren 27an inauguratu zen, 3,2 milioi euroko gastuen ondotik eta Nafarroako Gobernuak horietatik 2,5 milioi ordaindu zituen. Batez ere Iparraldetik auto aunitz etortzen zirela eta uda partean pilaketak sortzen zirela izan zen Urdazubiko Udalak lanak egiteko eman zuen arrazoi nagusietako bat. Egunero 9.772 ibilgailu ibiltzen da banaz bertze.
Baina behin lanak egin eta gero, epaitegietan harat eta honat ibili dira Urdazubin. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, bere azken epaian, Dantxarineko zeharbidearen proiektuaren erredakzioaren adjudikazioa bertan behera utzi zuen, adjudikazio espedientean beharrezkoa zen dokumentaziorik aurkeztu ez zelako. Urdazubiko bi bizilagun hauen arabera, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman zuenetik bi hilabete pasatu direnean, legeak agintzen duen moduan sententzia ez da bete oraindik. Beraien ustez, lanak emateko alkatearen ebazpena bertan behera uzterakoan, gainerako prozedura administratiboa ere baliogabetu beharko litzateke, beraz ezin izanen zen ez lanak adjudikatu, ezta proiektatutakoa eraiki ere.
Bi urdazubiarrek diotenez, zeharbidea lanak egin baino lehenago zegoen bezala uztez ez bada, ez da sententzia beteko. Horregatik, N-121-B errepide zati hori lehengora bueltatzeko arkitektua eta eraikuntza enpresa kontratatzeko prozedura hastea eskatzen diote Urdazubiko Udalari. Gainera, trazatu berria diseinatzeko kontratatu zuen ingeniaritza enpresari ordaindutako 89.500 euroen itzulketa erreklamatzea ere eskatzen diote Urdazubiko Udalari.