350 lagun bildu ziren azaroaren 27an, larunbatean Urdazubiko Dantxarinea auzoko Lugarana jatetxean zazpigarren aldiz ospatu zen Euskal Kantu Zaharren Egunean. Aurtengoan, berrikuntza nagusia, euskal kantuekin batera mexikarrak ere aditu zirela izan zen. Izan ere, aurtengoan Angel Mariezkurrenak argitaratu duen kantu liburuko 160 letren artean, hamabi bat Mexikoko kantuenak dira. “Harreman berezia dugu euskaldunon mexikarrekin –dio Mariezkurrenak– eta iruditzen zait kantua bizitzeko modu berdintsua daukagula. Bai Mexiko, bai Euskal Herriko kantuen letren gibelean beti dago istorio bat, arazo bat, motibu bat…”.
Honela, Jalisko Band taldeak Mexikoko korridoak eta rantxerak jo zituenean, jendea kantari ez ezik dantzan ere ibili zen. Gainera, Jalisko Bandekoek ezusteko kantaria ere izan zuten oholtzan, Angel Mari Peñagarikanok mikrofonoa eskuetan ederki kantatu baitzuen. Besta giro ederra jarri zuten Mexiko kantuek, baina aitzinetik, giro goxoagoan eta bilduagoan, kantu hunkigarriak atera ziren Aresoko Jaione Olazabal eta Jon Gurrutxagaren ahotsetatik, baita Mixel Aire Xalbador II Urepelgo artzainaren semearen, Baigorriko Askarrain eta Uharte-Garaziko Ihidoiren ahotsetatik ere.
Mariezkurrenak gustora ageri zen egunak emandakoarekin eta urtero-urtero 35.000 euro inguruko aurrekontuari aurre egin behar izaten badio ere, heldu den urterako gogotsu agertu zen.