Dena prest dago larunbateko zazpigarren Kantu Zaharren Egunerako

TTIPI TTAPA 2010eko azaroaren 24a

Arrakasta haundiko ekimena izaten da Dantxarinean egiten den Kantu Zaharren Eguna. Artxiboko argazkia

Txartelak salgai paratu eta bi egunetan agortu dira

Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Bizkaia, Gipuzkoa... Toki aunitzetako jendea bilduko da larunbat honetan Urdazubin. Euskal kantak abes­tea maite dutenek urteko hi­tzor­dua Dantxarineako Peio Bentan egin baitute aurten ere, Lugarana jatetxean. Larunbat honetan, azaroak 27, eginen da aurten zazpiga­rren urtez segidan, Kantu Zaharren Eguna, sor­tzez erantsundarra baina Sunbillan bizi den An­gel Mariezkurrena era­tsunda­rraren ekimenez.

 

Egitaraua

Egun osoko egitaraua antolatu du: 14:00­etan bazkaria eginen da, eta bazkalondoan kantuan ariko dira. 20:00­etan, berriz, berendu-afaria eginen da eta ondotik kantuan segituko dute 22:30 aldera bitarte.

Urtetik urtera izaten dira sorpresak jaialdi honetan, eta aurten ere hala izanen dela azaldu digu eratsundarrak. Ipar zein Hego Euskal He­rriko kantariak hurbil­tzekoak dira, baina ezustekoa zein izanen den ez du argitu: «sor­presak izanen dira baina egun berean jakinen da zer diren».

 

300 txartel salduak

Dagoeneko agortuak dira bazkarirako txartelak. Mariezkurrenak 300 txartel paratu zituen salgai 50 eurotan, baina bizpahiru egunetan denak saldu zirela adierazi dio TTIPI-TTAPAri. Horren harira, «alde batetik, oso kontent» dagoela aipatu digu, baina bertzetik, «pena» ere ematen omen dio, jendea aukerarik gabe gelditu delakoz.

Joan den urtean bezala, euskal abestiekin osatutako 2.500 liburux­ka prestatu ditu eta guz­tiak banatzeko asmoa du. Iazkoak 145 kantu bazituen, aurtengoak 160 in­guru edukiko ditu: «horietatik 40 bat berriak dira, tartean 12 bat mexikar daude», dio Mariezkurrenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun