Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du zeharbideko proiektuaren esleipena

TTIPI TTAPA 2010eko azaroaren 11

2009ko azaroaren 27an inauguratu zuten Dantxarineako zeharbide berria. Artxiboko argazkia

Badirudi azken sententzia behin betikoa dela

Zeharbideak hizpide izaten segitzen du. Izan ere, Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak bertan behera utzi du berriz ere Dantxa­rineako zeharbidea egiteko proiektuaren es­leipe­na. Proiektua 2007­an adjudikatu zuen Udalak, Santiago Villares alkatearen ebaz­pen bidez, eta VS Ingenieria y Urbanismo SL en­presari esleitu zi­tzaion.

Proiek­tuarekin kaltetuak izan diren bi herrita­rrek, ordea, epaitegietara eraman zuten afera, eta auzitegitik eto­rri den azken erantzuna da proiektuaren esleipena baliogabetzat jo duena. Salaketa paratu zuten bizilagunek zeharbidea lehengora itzultzea eska­tzen dute, baina obrak eginak dira eta joan den urteko azaroan inauguratu ziren.

Gogoratu behar da, salaketa paratu zuten bi bizilagunen lehen apelazioa ez zela onartua izan, baina berriz ere erre­kurtsoa aurkeztu eta arrazoia eman zien epaitegiak. Joan den urteko abenduan, zeharbideko urbanizazio lanen adjudikazioa bertan behera utzi zuen Nafa­rroako Justizia Epaitegi Nagusiak, kontratazio prozeduran akatsak zeudelakoan. Gisa berean, bi auzotarrek salatu zutenez, «zeharbideak trafiko arazoak ez ditu molda­tzen, eta autoak zona komertzial jakin batera bideratzen ditu, bertze batzuk bazte­rrean ­utziz».

Baina Udalak errekurtsoa aurkeztu zuen eta uztail hondarrean arra­zoia eman zion Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiak. Orain, baina, be­rriz bertan behera gelditu da 2007ko urriaren 10ean alkateak sinatutako ebazpena. Urriaren 4an onartu zen azken sententzia.

 

«Akatsak» kontratazioan

Epaitegiaren urriko sententziaren arabera, zeharbideko lanen adju­dikaziorako txostenean, «aktuazio batzuetan hutsunea antzeman daiteke», hau da, «ez-betetze formalak eta hain­bat gabezia daude aurkeztutako dokumentazioan». «Identifikatutako aurrekontu kredituaren erreferentziarik ez dago» eta «espedientearen tramitaziorik ere ez dago», beti ere sententzian ageri denez.

Badirudi, urriaren 4ko azken sententzia behin betikoa dela.

 

«Ulertu ez, baina onartu behar»

Auzitegiaren azken sententziaren aitzinean, Santiago Villares alkateak zera adierazi dio TTIPI-TTAPAri: «aitzineko idazkariak egin ez zuen txostenagatik kondenatu dute adjudikazioa. Horregatik zigor­tzea ez dugu arras ongi ulertzen, baina onar­tzen dugu, bertzerik ezin dugulako egin».

Proiektua egiteko Ingenieria y Urbanismo SL enpresarekin egindako kontratua argitu beharko dela ere adierazi du Villaresek: «bere garaiain egindako lanagatik ordaindu zi­tzaio­na onargarria den ala ez ikusi beharko da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun